Aurreratu genuen bezala, gaurko saioan Marta Luxanekin egin dugu berba, AHTaren aurkako beste ekimen baten berri izateko, hain zuzen ere, larunbatean abiatutako kontzientzia eragozpeneko kanpainaren berri izateko. Elkarrizketan Renfe eta Eusko tren kudeatzen duten konpainiek AHT bultzatzeko egiten ari diren ekimenak, edo kanpainaren ezaugarri nagusiak azaldu dizkigu.
Astelehen honetako Kaleko Bentanien (astelehenetik ostiralera arratsaldeko bostetatik seiretara emititzen dugun magazina) larunbat honetan Boluetan aurkeztutako Abiadura Handiko Trenaren aurkako kontzientzia eragozpeneko kanpainari buruz egingo dugu berba. Horretarako ekimen hau aurkeztu zuen pertsona bat (magazinaren kolaboratzailea ere badena) gurekin izango dugu: Marta Luxan. Berak azalduko dizkigu ekimen honen helburuak, arrazoiak eta ezaugarri nagusiak. Prentsa oharra ere irakur dezakezue.
Beti bezala, saioari buruzko kritikak, iruzkinak edo proposamenak egin nahi baldin baduzue, kalekobentanieARROBAtas-tas.org helbidera idatz dezakezue.
Aste honetako podcastean honako edukiak aurkitu ahal dituzue:
Jaime Elías abokatuarekin elkarrizketa, Langraitzeko zuzendari orde ohiaren aurkako jarritako salaketaren artxiboa dela eta.
Elkartzen taldeko kidea den Igorrekin elkarrizketa, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospakizuna dela eta.
Uribe Kostako AllJazzEra taldearen aurkezpena
Nafarroako bizkaitarrak kolektiboaren kidea den Gabirel Ezkurdiarekin elkarrizketa, asteburuan antolatu duten malmasin eta bilboko heroi nafarrei omenaldiaz hitz egiteko.
Biziz Bizi taldeko kidea den Josu Ibarrondorekin izandako elkarrizketa, ostiralean antolatu duten gaueko ginkanari buruz aritzeko.
Ostegun honetan, Kaleko Bentanien, 35mm zinemari buruzko atalean gure kolaboratzailea Jaxonek aste honetan zinema aretoetan aurkitu ahal dugun bi filmeetaz hitz egin zigun: Un funeral de muerte eta Padre Nuestro.
Nafarroako Bizkaitarrak kolektiboak "Malmasin eta Bilboko 1199ko heroi nafarrei omenaldia" izeneko jardunaldiak antolatu ditu. Kolektibo honen baitan, besteak beste, Freddy Paya edo Gabirel Ezkurdia daude.
Ekimen honetan, besteak beste, Bizkaia Nafarroa Osoko Herrialdea dela aldarrikatuko da. Hain zuzen ere, antolatzaileen ustez, ehundaka urtez Euskal Herriko
historia, okupatzaileek idatzi eta kontatu dute eta. Benetan Euskal Herria bere historiaren jabe izango balitz, egun
ospatzen diren jai eta omenaldi askok beste irakurketa bat izan beharko
zuten, Nafarroako Bizkaitarrak kolektiboaren arabera.
Guzti honen inguruan hitz egiteko, antolatzaile batekin egin dugu berba, Gabirel Ezkurdiarekin hain zuzen ere.
Asteazken honetan, Kaleko Bentanien, Pobreziaren Aurkako Munduko Eguna zela aprobetxatuz, Elkartzen elkarteko Igorrekin egin dugu berba. Igorrek Elkartzenek egiten duen Euskal Herrian dagoen pobrezia egoerari buruzko azterketaz egin du berba, baita eman beharreko pausuetaz, edo erakundeek daukaten arduraz.
Astearte honetan, Kaleko Bentanien, Euskadiko Gaztedi Kontseiluko Dabid eta Saioa kideokin egin genuen berba, Pobreziaren Aurkako Astea dela eta antolatutako ekimen guztietaz berba egiteko.
Astelehen honetan, Kaleko Bentanien, Jaime Elias abokatua elkarrizketatu dugu, pasa den astean jakin zelako Langraitzeko zuzendari orde ohiari jarritako salaketa dela eta egindako epaiketaren harira, Gasteizeko Epaitegiak kasua artxibatzea erabaki duela. Berak azaldu digu epaiketaren eboluzioa, zeintzuk izango diren beraien hurrengo aurrerapausuak eta zer den presoen egoera gaur egun.