Debagoienako Bagara elkarteko Herrigintza Gaztea egitasmoan burubelarri ari diren bi lagun izan ditugu aste honetan Gazte Borraste irratsaioan. Aitzol Loyolak eta Jon Etxebarriak Eskoriatza, Arrasate, Aretxabaleta eta Antzuola inguruan hainbat gaztek abiatu duten proiektu honen xehetasun guztiak ekarri dituzte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Tas Tas irratiko uhinetan aireratzen duen irratsaiora.
Zer eragin izango du langileongan pentsioen erreformak? Eta zein eragin izango du bereziki gazteongan, bai eta beste kolektibo prekarizatuetan ere? Horixe aztertu dugu Gazteriaren Kontseiluak bideratutako Gazte Borraste irratsaioan, Josu Gil (EHNE), Igor Mera (ESK), Mattin Etxabide (LAB) eta Janire Landaluze (ELA) lagunen eskutik. Solasaldi honetaz gain, eta hari horri jarraituz, Gazte Komunistak taldeak iritzi-zutabe bat sinatu du ere Tas Tas irratiko sintonian. Hauxe, beraz, urtarrilak 29ko Greba Deialdiari buruz gehiago jakiteko proposamena!
Duela hiru urte, abenduak 28 zituenean, Eusko Legebiltzarrak kanpo zorraren kontra legez jotzea onartu zuen, Legegintzako Herri Ekimen (LHE) baten emaitzaz abiatutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Kartaren bidez. Lege hau urratzen deneko hirugarren urteurrenean, Legegintzako Herri Ekimenaren jarraipen-taldeko lagun bat, Txemi Peñas, izan dugu Gazte Borraste irratsaioan.
Bilbon abenduaren 17an (ostirala) San Frantziskoko auzoetxean burutuko den jardunaldia izan dugu ardatz Gazte Borrasten: ‘Gazteria, enplegua eta ekonomia solidarioa’ mahai-ingurua, hain zuzen. Xehetasun guztiak ezagutzeko, Urtzi Ugalde hitzorduaren antolatzailea izan dugu gurekin. Horrez gain, Gazteok XXI gazte kristauen elkarteak iritzi-zutabe bat eskaini digu, Gabonak ardatz.
Euskararen Nazioarteko Eguna eta Durangoko Azoka gertu-gertu, Gazte Borrastek euskara izan du mintzagai eta mintzaera. Oraingoan, mikroaren jaun ta jabeak Igor Egortza bertsolaria eta Gotzon Barandiaran idazlea izan dira. Euskalkulturgintzaren erretrato bat eskatu diegu eta haiek, marrazkia aireratzeaz gain, erretratoa hobetzeko supergizon eta superemakume bihur gaitezen proposatu digute ere. Euskararen superheroi izateak zertan datzan jakin nahi al duzu?