|
Apirilaren 4tik 6ra, idazleen PEN mundu-erakundeak Writers in Prison Committee-ko (Idazle Presoen Batzordea, WiPC) urteko bilera burutu du Glasgow-n (Eskozia). Urtzi Urrutikoetxea eta Lutxo Egia Euskal PEN Klubeko batzordekideak Egin eta Egunkaria auzien egungo egoeraren berri eman dute eta, zehatzago, 10na urteko kartzela zigorra jaso duten Jabier Salutregi eta Teresa Todaren kasuak aurkeztu.
Euskal
PEN Klubak oso aktiboki parte hartzen du Idazle Presoen Batzordean (WiPC) 2004an
sortu zenetik. Batzordean ez ezik, PENeko biltzar nagusietan ere salatu ditu Egin, Egunkaria eta Ardi Beltza-ren itxierak, hala nola
Tromson-en (Norvegia) eta Bled-en (Eslovenia)
WiPC-ko aurtengo bileran ere presente egon dira Egin eta Egunkaria kasuak. Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko ordezkariak aurkeztu zituen joan den larunbatean, Zelan eragiten duen terrorismoaren aurkako legeak adierazpen askatasunean atalean. Bertan, herri bi aztertu ziren: Errusia eta Espainia. Urrutikoetxeak, egunkarien itxiera eta egungo egoerari errepaso egin ostean, 18/98 sumarioaren barruan 10na urteko kartzela zigorra jaso duten Jabier Salutregi eta Teresa Toda kazetarien egoeraren berri eman zuen luze. Lehendik Egin eta Egunkaria aferek sortu zuten bezalaxe, kazetari bien eskubide urraketak interes handia piztu du Glasgow-ra joandako PEN Klubetako ordezkarien artean. Kasuen aurkezpena egin ondoren, eztabaida bizia bezain interesantea sortu zen ordezkarien artean. Teresa Toda, gainera, Euskal PEN Klubeko batzordekidea da. WiPC-eko bileran bildutako taldeek aho batez salatu zuten adierazpen askatasunaren aurkako ekimena.
PENek kasu hauek aztertuko ditu irailean Bogotan (Kolonbia) egingo den
2008ko mundu batzarrean. Bertan Euskal PEN Klubak aurkezturiko ebazpena bozkatuko dute.
Azkenik, Urtzi Urrutikoetxeak aukera baliatu zuen erakusteko zein den
Euskal PEN Kluba Adnan Hassanpour-en alde egiten ari den lana. Hassanpour idazle
kurduak heriotza-zigorra jaso du Iranen adierazpen askatasunari lotutako
arrazoiengatik.
Zer duda egin, 2008ko WiPCko bileran Txinako idazle eta kazetari presoek
(40 daude Caselist zerrendan)
eskuratu dute arreta nagusia. Iaz Dakar-en
(Senegal) egindako mundu kongresuan, Joku Olinpikoak Beijing-en izango direla
aprobetxatuz, egoera nabarmentzeko beharra ikusi zuen PENek eta denbora honetan
lan handia burutu du. Azkenik, Amerikako hainbat herritako (Kuba, Mexiko edo
Kolonbia, kasu) egoerek ere garrantzia handia hartu dute aurtengo bileran.
Guztira, mundu osoko (Txina, AEB, Errusia, Somalia, Nepal, Norvegia…) 27
PEN klubetako 70 lagun elkartu dira Glasgow-n batzorde honetara.
Euskal
PEN Kluba
|