Irribarre batek gutxi kostatzen du eta asko eragiten du. Ematen duena ez du txirotzen eta jasotzen duena aberastu egiten du. Instant bat bakarrik irauten du baina oroimenean betirako irauten du." Charles Chaplin
|
ira
29
2008
|
Itzubaltzeta gaztetxearen 4. urteurrena |
|
|
|
|
2008-(e)ko irailaren 29-(e)an |
"Lau urtez... herria astintzen!" lelopean, Itzubaltzeta gaztetxeak bere
laugarren urteurrena ospatuko du bihar hasi eta urriaren 12ra arte
Urtebetzeaz gozatzeko jardunaldiak bihar arratsaldean aurkeztuko
dituzte Getxo udalerriko Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalean dagoen
gaztetxean bertan, 19:30ean. Handik aurrera, hitzaldiak, antzezlanak,
abesbatza eta kantautoreen emanaldiak, manifestazioa, zinema,
gastronomia saioak eta urriaren 11n herrian ospatuko den Gazte Eguna
izango dira gazte zein ez hain gazteei egindako eskaintzaren osagaiak.
Egungo Itzubaltzeta gaztetxea, izen hori daraman bigarren gaztetxea da,
izan ere, sei hilabetez jardun ondoren, 2004ko irailaren 27an Getxoko
Udalaren aginduz, Ertzaintzak Santa Eugenia kaleko gaztetxea zena
bortxakeriaz hustu zuen. Hiru egun beranduago, Errekagane kaleko
aroztegi zaharrean Itzubaltzeta gaztetxe berria ireki zuten herriko
gazteek. Handik hona, herriko koadrilen arteko komunikazioa eta
elkar-ezagutza sustatzea, herriko dendariekin denda txikien egoera
aztertzea, gazteek herrian bertan erosketak egin ditzaten
kontzientziazio ekimenak eta etxebizitzari buruzko hainbat kanpaina
izan dira Itzubaltzetako Gazte Asanbladak burututako lana.
Lau urteko jarduera
2004ko irailaren 30ean okupatu zuten gazteek Errekaganeko Itzubaltzeta
gaztetxea. Lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota,
makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek:
mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak,
gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde
ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren
lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur
eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software
askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak,
pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ondoren etorri
ziren herriko gazte lonjetan, parkeetan, institutuan eta kalean egin
zituzten inkestak, herriko gazteek beraiek haien errealitatea zelan
ikusten zuten ikusteko. Arazo nagusitzat jo zuten koadrilen arteko
harreman eta komunikazio ezari erantzunez, gaztetxeak bere
funtzionamendua aldatu zuen, kultur emankizun askotarikoak eginez,
kirol jarduerak bultzatuz eta koadrilen arteko harremana errazten
dituzten ekimenak abiatuz.
Inkestetan agertutako gazteen beste kezka garrantzitsu bat ere izan
dute hizpide Itzubaltzetako neska-mutilek. Itzubaltzeta / Romoko
herriko denda txikien etorkizun iluna dela eta bertako dendari
batzuekin bildu ziren, haien arteko sare lana errazteko asmoz. Gainera,
gazteen artean sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bideratu
zituzten, bertako dendetan erosteko.
Kultur jarduerekin batera, iaz zein aurten etxebizitzaren gaiari ere
heldu diote gaztetxeko kideek. Alde batetik, gaiaren inguruko
informazioa bildu dute, zenbaki gorri gordinak era errazean azaltzeko.
Beste aldetik, eragile "espekulatzaileei" leporatu diote haien ardura.
Ibilbide hori guztiori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko
urteurreneko jaialdi luzea jarri du abian zentro okupatuak.
Etxebizitza: Itzubaltzeta / Romon bizi nahi dugu!
Etxebizitzaren egoera ikusita, batez ere gazteriari begira,
Itzubaltzetako Gazte Asanbladak horren inguruko borroka bat abiatu
zuen, etxebizitza eskubidea dela –eta ez pribilegioa– aldarrikatzeko.
Honako puntuetan laburbiltzen da IGAk egindako azterketa:
1.- Gazteria "ama-aita" hotelera kondenatuta.
Argi dago gazteria independizatu behar dela (EAEko gazteriaren
kontseiluaren aburuz, %89 bizi da gurasoekin), baina ezinean gaude!!
Etxebizitzaren prezioa 1998tik %91 igo dela argi eta garbi erakusten
duen moduan (La Caixak 2008n argitaratutako datuen arabera). Gainera,
bitartean soldatek %27 baino ez dira hazi.
Itzubaltzeta / Romon, metro karratuaren bataz besteko prezioa 4.257
eurokoa da, eta inolako egonkortasunik gabeko gazteok ordaindu
beharrean gaude. Izan ere, INEMeko 2006ko datuen arabera lan kontratuen
%66 aldi baterako dira. Egoera hau ez da naturala, baizik eta negozio
bilakatu den eskubide baten, etxebizitza izateraren, urraketarena.
Honela banatzen da etxebizitzaren prezioa merkatu librean:
- %60a zoruaren balorea (atera kontuak lur zoruen berkalifikazioaren
negozioaz!!).
- %25a konstruktorek eramaten dute (euren gastu guztiak barne).
- %15a zergak.
Bestetik, esan behar da bankuek, espekulatzaileek (eraikitzen diren
etxebizitzen herena espekulaziorako da), inmobiliariek eta abarrek ere
negozio honetan parte hartzen dutela.
Guzti horregatik, EAEn, hipoteka baten batazbesteko iraupena 26 urtekoa
da. Hala ere, interesak direla eta, etxebizitzen prezio erreala ia
bikoizten da, gutxi gora-behera 92 milioietara ailegatuz.
Dena dela, gazteria erostearen ezintasunean aurkitzen denez, alokairura
jotzen du normalean, auzoan bizitzeko gutxienez 800 euro ordaintzera
beharturik.
2.- Zer "alternatiba" saltzen digute?
Askotan, BOEez (babes ofizialeko etxebizitzak) hitz egiten da, baina
hauek gazteontzako irtenbide bat izatetik urruti daude, zozketa huts
bat direlako. Zozketa horretan parte hartu ahal izateko gutxieneko
soldata urteko 9.000 eurokoa da, gutxieneko soldata interprofesionala
7.200 eurokoa den bitartean. Horrela, behartsuenak loteria horretan
parte hartu barik geratzen dira. Bestetik, gehieneko soldata parte
hartu ahal izateko 43.000 eurokoa da. Nork kobratzen du halakorik??!!
Zozketa hau, askotan aldez aurretik hitzartuta dagoena, etxebizitzaren
negozioa zilegiaraztea dakar soilik, herritarrak pozik edukiz, etxe bat
tokatzearen zain!! Horregatik, BOEek, eraikuntzaren negozioa betikotzea
baino ez dakarrela uste dugu. Oso adibide garbia Getxoko LZParena
(Lurralde Zati Plana) da, zeinek gutxienez 7.000 etxeren eraikuntza
aurreikusten duen Azkorrin, herriko azken baserri gunea suntsituz.
Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Azkorriko txaleten eraikuntzaren aurka
agertzen da, lehenago Getxon dauden 3500 etxebizitza hutsei irtenbidea
eman beharko litzaiekelako. Izan ere, etxe berriak eraiki arren hauen
prezioa ez da jaisten. Konklusioa: egoera honen aurrean, gazteoi batzea
eta borrokatzea beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, inork ez digulako
ezer oparituko. Bizitza ederregia da makurturik emateko.
Lau urtez... herria astintzen!
Itzubaltzeta gaztetxearen 4. urteurreneko egitaraua:
Asteartea, irailak 30
19:30ean, urteurrenaren aurkezpena, hainbat ezusteko tarteko
(gaztetxean)
Astelehena, urriak 6
19:30ean, kukaña eta autoekoiztutako txalupa txapelketak (Gobela ibaian)
Asteartea, urriak 7
19:30ean, Gorrondatxe abesbatzaren emanaldia (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, Bizkaiko okupazio mugimenduari buruzko hitzaldia (gaztetxean)
Asteazkena, urriak 8
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola
(Santa Eugenia plazan)
20:30ean, "Zetazeak" antzezlana (gaztetxean)
Osteguna, urriak 9
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola
(Santa Eugenia plazan)
20:00etan, "Emboscada de Pasaia" liburuaren aurkezpena (gaztetxean)
Ostirala, urriak 10
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola
(Santa Eugenia plazan)
20:00etan, Mani-Fest-Akzioa (Santa Eugenia plazan)
21:00etan, Klaro Ke Si eta Sagradole kantautoreen emanaldia, eskenatoki
irekia eta karaokea (gaztetxean)
Larunbata, urriak 11, Gazte Eguna
12:00etatik 14:00etara, eskalada-murrua, puzgarriak, tirolina,
tailerrak, ping-pong eta mahai-futbola (Herri Gunean, Santa Eugenia
plazan)
12:00etatik 14:00etara, munduko borrokak, hip-hop eta eragileak
(Borroka Gunean, elizan)
12:00etatik 14:00etara, musika folk, grafittilariak, harrizulatzaileak,
bertsolariak eta herri azoka (Kultur Gunean, Areetako Xake plazan)
15:00etan, herri bazkaria, pailazoak eta trikipoteoa herrian zehar.
21:00etan, kontzertua: Hesian, D.A.R. eta Fredirenak erromeria taldea.
Igandea, urriak 12
14:00etan, lehiaketa gastronomikoa (gaztetxean)
16:00etan, espekulatzaileari tiro (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, film laburren emanaldia: "Ahora" eta "Muchos cuerpos para un
funeral" (Santa Eugenia plazan)
Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta / Erromo. Bizkaia.
E-posta helbide hau zabor-posta bidaltzen duten roboten kontra babestua dago. Ikusi ahal izateko Javascript-a gaituta izan behar duzu.
http://www.blogari.net/itzubaltzeta
|
|
Arrosa, Euskal Herriko Irrati-sarea
Azken albisteak
Hauek dira
mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazio batzuk:
...
Aurtengo Durangoko Liburu eta Diska Azokako
kartelarekin sortutako ika-mikaren harira, bilgune feministak zera adierazi
nahi dugu
...
Abando, edozein ostiral, goizeko 8etan. Takoi bizkorren soinua, burmuin zurrunak mugitzen dituzten hankak
...
San Frantzisko auzoko kale
nagusietan bideo-kamera begiraleak jartzea erabaki du Bilboko Udalak, alderdi
horretan ematen diren lege-huste eta delituak gutxiarazteko, diotenez
...
Azaroak 8an, Bilboko Zorrotza auzoan Lenin eguna ospatuko dugu.
...
|