Azpimarratzen dugu

Otsailaren 14tik aurrera, web orri berria daukagu.
 
Erdera

Zuzeneko emisioa

Salvador Allende, 1973ko irailaren 11n hil aurreko hitzaldian
Arrosa



AMARC

REMC
ots 12 2010
Baliorik gabe utzi dute Nafarroako irrati lizentzien banaketa epaileek PDF Inprimatu E-posta
2010-(e)ko otsailaren 12-(e)an
2006ko banaketan akatsak daudela ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Euskalerria irratiari arrazoi emanez

Berria.info

Iñigo Astiz

 

Baliorik gabe utzi dute Nafarroako Gobernuak 2006an eginiko irrati lizentzien banaketa. Hala ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salak. Euskalerria irratia baimenik gabe utzi zuten lehiaketa hartan, eta lehiaketa horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Iruñeko euskarazko irratiak. Arrazoia eman dio orain auzitegiak: lizentzia banaketa hura ez zen behar bezala egin, eta, beraz, baliorik gabe gelditu da orduan erabakitakoa. Behin betikoa da epaia, gainera, eta Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko abokatuek ez dute helegiterik jartzerik.

1998an Euskalerria irratia kanpoan utzi zuen irrati lizentzien banaketa egin zenetik, bigarrenez egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurka. Bitan utzi dituzte epaileek baliorik gabe Gobernuak irrati lizentziei buruz harturiko erabakiak. 2005ean lehenik, eta oraingoan bigarrenik.

Hainbat arrazoi azaldu zituen Euskalerria irratiak 2006ko erabakiaren aurka helegitea aurkezteko, baina nahikoa izan da bakarrarekin. Banaketak egiteko prozedurari dagokion kexa nahiko arrazoi izan da, auzitegiaren arabera, Nafarroako Gobernuak eginiko lizentzien banaketa bertan behera uzteko.

«Konplexutasun teknikoak» argudiatuz, lizentziak banatzeko egin beharreko balorazioak egiteko lana eman zion Nafarroako Gobernuak eratutako kontratazio mahaiak DOXA Consulting izeneko enpresari. Enpresa pribatu horrek egin zituen, beraz, neurri batean, lizentzia administratiboak banatzeko egin beharreko balorazioak. Nafarroako Auzitegiak dioenez, ordea, kontratazio mahaiak ez zuen lizentzien auzia ebazteko betebeharrari uko egiteko eskubiderik. Nafarroako Gobernuak ezin zuen ebazpen hori egiteko betebeharra beste inoren esku utzi, egindako deialdian eta erregulazio arautegian halakorik agertzen ez zelako. Hala, baliogabetu egin du 2006an Euskalerria irratia lizentziarik gabe utzi zuen baimen banaketa hura.

«Oso garrantzitsua da ebazpen hau guretzat», azaldu du Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak. «Ez da garaipena, baina bai tarteko helmuga garrantzitsu bat. Epaiak ez du lizentzia guri dagokigunik esaten, baina guri baimena ukatuz Gobernuak oker jokatu zuela dio. 2006ko erabakiaren aurka egiten du epaiak, baina 2006ko banaketa hori, 1998an egin zen banaketaz geroztik dabil gora eta behera».

1998tik datorren eztabaida

1998. urtera egin behar da atzera Nafarroako FMko irrati lizentzien banaketaren auzia ulertu ahal izateko. Orduan hartu zuen Gobernuak erabakia Euskalerria irratia lizentziarik gabe uzteko eta legalki emititzeko baimenak Net 21 eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko irratiari emateko. Helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak ebazpen horren aurka, eta onartu egin zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2005ean. Baliogabetu egin zuen orduko hartan ere lizentzien banaketa, Angel Sanz kontratazio mahaiko lehendakariak mahaia ordezkatu zuela argudiatuz.

2006an egin zen berriz irrati lizentziak banatzeko deialdi hori, eta Nafarroako Gobernuak eraturiko kontratazio mahaiak Net21 eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko irratiaren alde egin zuen, berriz ere, Euskalerria irratia lizentziarik gabe utziz. Nafarroako Auzitegi Nagusiak orain adierazi duenez, ordea, 1998ko lizentzia banaketan gertatu bezala, gaizki egin zen banaketa hura.

«Bitan egin dute oker bera», azaldu du Bujandak. «Trikimailu bat egin zuten lehen deialdi hartan Net 21 eta Nafarroako unibertsitateko irratiak gure aurretik jartzeko, eta beste trikimailu bat egin zuten 2006an ere. Guk diogu 1998ko deialdi hura guk irabazi genuela, eta trikimailu bidez bakarrik lor dezakete hori ukatzea. Hauxe eskatzen dugu: aitor dezatela emititzeko eskubidea badugula. Sakoneko arrazoiak baditugu, gainera, deialdi hura guk irabazi genuela frogatzeko».

«Arbitrarioki» jokatzen du Nafarroako Gobernuak, ordea, Bujandaren hitzetan, eta, epaia dela eta, pozik dagoela dio. «Bigarren aldiz utzi dute agerian epaileek Nafarroako gobernuaren zentzugabekeria».

Alderdien babesa

Euskalerria irratiaren egoera legeztatzeko eta «jazarpen kanpaina» bertan behera uzteko eskatu dio Nafarroa Bai koalizioko Nekane Perez parlamentariak Nafarroako Gobernuari. Ez omen du, gainera, beste aukerarik. Net21 irratia desagertu egin baita, eta Nafarroako Unibertsitateko irratiak ez dituelako baldintzak betetzen.

Nafarroako Ezker Batuak ere Gobernuaren irrati lizentzien kudeaketa «ezin txarragoa» salatu du, eta lizentziak banatzeko irizpideak «arbitrarioak» izan direla dio

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >